Begoña Durruty idazlearen bisita

ikasle elebidunak 

Azaroaren 8an, ostegunean, Begoña Durruty Saint Vincent ikastetxera etorri zen hirugarreneko ikasle elebidunak bisitatzera.

Aitzinetik klasean irakurria genuen liburuari buruz hitz egin zigun: “Ez da konprenitzen ahal gerra. Cherch’pas à comprendre ”. Liburu honetan bere aitatxi eta aitaren bizitza kontatzen du eta bere familiak sufritu dituen gerra guztiez mintzatzen zaigu. Besteak beste, aitatxi lehen munduko gerran izan zen, aita Aljeriako gerratik paraplegiko itzuli zen, eta osaba Espainiako gerra zibilean hil zen.

Begoña Durruty idazlea eta ilustratzailea da, eta berak egin ditu liburuan agertzen diren margoak. Galdera asko pausatzeko aukera ukan genuen. Bost urte eman zituen liburu hau idazteko, eta erabaki zuen idaztea pentsatzen duelako bere familia bezalako istorio anitz badirela eta berea kontatzeko beharra sentitu zuen.

Gauza asko kontatu zizkigun. Adibidez, bere aita ez dela inoiz kexatu nahiz eta paraplegiko izateak zailtasun anitz ekarri dizkion; aitak beti esaten zuela gerrak ez duela zentzurik, eta gerrara joaten ziren gazte gehienek ez zekitela zertara joaten ziren ere.

Bere liburua oso interesgarria iruditu zaigu eta oso atsegina izan da gurekin.